«GERRA GEHIAGORIK EZ», AITA SANTUAREN DEIALDIA ANGELUSAN

2013-09-01 Radio Vaticana

Erlijioa Nafarroanetik hartua:

PAPA

(RV).- (Audioarekin) «Pakearen ohiua da – esan zuen Aita Santuak Sirian pakea izan dadin egindako deialdi zabal batetan -. Eta gaineratu zuen: «Mundua pakean nahi dugu, gizon-emakume pakezaleak izan nahi dugu». «Banaketek eta gatazkek hondatutako gure gizartean pakeak eztanda egin dezala nahi dugu». «Gerra gehiagorik ez» izan zen Frantzisko Aita Santuaren ohiua.

«Datorren irailak 7rako, Maria, Pakearen Erreginaren Jaiokundearen bezperan, Eliza guztia Siriako, Ekialde Hurbileko eta mundu osoko pakearen alde barau eta otoitz jardunaldi batetara deitzea erabaki dut», esan zuen Aita Santuak iganderoko angelusan.

Aita Santuak katolikoak ez diren anai-arreba kristauei eta baita gainontzeko erlijioetakoei ekimen honetan egokia deritzoten moduan parte hartzeko gonbitea luzatu zien ere. Eta Frantzisko I.ak berak azaldu zuen bezala, «irailaren 7an San Pedro Plazan, 19.00etatik 24.00etara, otoitzean bilduko gara, penitentzia izpirituan, Jainkoari Siria herri maitearentzat dohai handi hau eskatzeko». Aita Santuak gaineratu zuen moduan, «gizateriak bake keinuak ikusteko beharra dauka».

Aita Santuak sendotasun bereziz arma kimikoen erabilera gaitzetsi zuen. Eta bere gogoan eta bihotzean oraindik irudi ikaragarriak dauzkala esan zuen. Horregatik, gure ekintzak Jainkoak eta historiak epaituko dituela eta epai honetatik ihes egiterik ez dagoela gaineratu zuen.

Aita Santuaren mintzaldiaren testu osoa:

Anai-arreba maiteok! Egun on!

Gaur, anai-arreba maiteok, lurraren bazter guztietatik, herri osotik, bakoitzaren bihotzetik, familia bakarra eta handia den gizateriarengandik larriki jasotzen den ohiuaren interpretatzailea izan nahiko nuke: bakearen ohiua da! Indartsu, zera esaten duen ohiua: bakezko mundu bat nahi dugu, gizon-emakume pakezaleak izan nahi dugu, banaketek eta gatazkek hondatutako gure gizartean pakeak eztanda egin dezala nahi dugu; gerra gehiagorik ez! Gerra gehiagorik ez! Bakea baliotsuegia den dohaia da, sustatu eta babestu behar dena.

Gure lurran dauden hainbeste gatazkak sufrimendu eta ardura bereziz bizitzen ditut, baina, egun hauetan, nere bihotza Sirian gertatzen ari denarengatik sakonki zauritua dago eta etor daitezkeen gertakariengatik larrituta ere bai.

Bakearen aldeko deialdi irmo bat botatzen dut, nire barru sakonenetik datorren deialdia! Zenbat sufrimendu, zenbat suntsipen, zenbat min ekarri du eta ekartzen du armen erabilerak herri martirizatu hartan, batipat biztanleria zibil eta armagabean! Pentsa dezagun zenbat haurrek ezingo duten etorkizuneko argia ikusi! Sendotasun bereziz arma kimikoen erabilera gaitzesten dut: aurreko eguneetako irudi ikaragarriak oraindik gogoan eta bihotzean finkatutak dauzkat! Gure ekintzek Jainkoaren eta historiaren epaia jasotzen dute, ez dago epai honetatik ihes egiterik! Biolentziaren erabilerak ez du behin ere bakera eramaten. Gerrak gerra ekartzen du, biolentziak biolentzia ekartzen du!

Nire indar osoz, gatazkan dauden parteei beraien kontzientziaren ahotsa entzun dezatela eskatzen diet, ez daitezela beraien interesetan itxi, aitzitik, bestea anai-arreba bezala ikus dezatela eta, kontrajartze itsua gaindituz, topaketaren eta negoziazioaren bideari ausardiaz ekin diezaiotela. Indar berarekin, Nazioarteko Elkarteari, luzatu gabe, siriar biztanleria osoaren onurarako, elkarrizketa eta negoziazioaren bidez, bakearen alde ahal duen guztia egiteko aholkatzen diot.

Gatazka ikaragarri honen kaltetuentzako laguntza bermatzeko ahal den guztia egin dadila, batipat herrialde horretan ebakuatuak izan direnentzat eta inguruko herrialdeetako iheslarientzat. Biztanleriaren sufrimenduak arintzen ahalegintzen diren eragile humanitarioei laguntza emateko aukera berma diezaietela.

Zer egin dezakegu guk munduko bakearen alde? Juan Aita Santuak esaten zuen moduan: guztioi dagokigu elkarbizitzaren harremanak justizian eta maitasunean berregiteko zeregina (Ikus Pacem in terris entziklika [1963ko apirilaren 11]: AAS 55 [1963], 301-302).

Bakearen aldeko ahaleginaren kate batek borondate oneko gizon-emakume guztiak batu ditzala! Eliza Katoliko osori luzatzen diodan gonbite sendo eta larria da, baina baita gainontzeko konfesioetako kristauei, erlijio orotako gizon-emakumeei eta sinisten ez duten anai-arrebei ere luzatzen diedana: bakea muga guztiak gainditzen dituen ongia da, gizateri osoaren ongia baita.

Ozenki errepikatzen dut: herrietan eta herrien arteko elkarbizitza eraikitzen duena ez da liskarraren kultura, gatazkaren kultura, elkargunearen eta elkarrizketaren kultura baizik: hau da bakerako bide bakarra.

Bakearen ohiua altu altxa dadila guztien bihotzetara ailegatzeko eta denek armak utzita bake irrikari jarrai diezaioten.

Hau dela eta, anai-arrebok, datorren irailaren 7an, Maria, Bakearen Erreginaren Jaiokundearen bezperan, Siria, Ekialde Hurbila eta Mundu osokoa bakearen aldeko barau eta otoitz jardunaldi bat deitzea erabaki dut. Eta katolikoak ez diren anai-arreba kristauei, gainontzeko erlijioetako partaideei, eta borondate oneko gizon-emakume guztiei, egoki deritzoten moduan ekimen honetan parte hartzeko gonbitea luzatzen diet ere.

Irailaren 7an, San Pedro plazan, 19.00etatik 24.00etara, otoitzean eta penitentzia izpirituan bilduko gara siriar herri maitearentzat eta munduko gatazka eta biolentzia egoera guztientzat Jainkoari bakearen dohai handia eskatzeko.

Gizateriak bake keinuak ikusteko eta esperantza eta bake hitzak entzuteko beharra dauka! Tokiko eliza guztiei eskatzen diet barau egun handi hau bizitzeaz gain, asmo honekin liturgi-ekintzaren bat antola dezatela.

Mariari biolentzia, gatazka eta gerra elkarrizketaren, adiskidetzearen eta maitasunaren indarrarekin erantzuten lagun diezaigun eskatzen diogu.

Bera Ama da: bakea aurkitzen lagun diezaigula. Gu guztiok bere seme-alabak gara. Lagun iezaiguzu, Maria, momentu zail hau gainditzen eta egunero eta giro guztietan pakearen eta elkargunearen benetako kultura bat eraikitzen.

Maria, Bakearen Erregina, otoitz gure alde! Denok: Maria, Bakearen Erregina, otoitz gure alde!

Comparte este texto en las redes sociales
Esta web utiliza cookies propias y de terceros para su correcto funcionamiento y para fines analíticos. Contiene enlaces a sitios web de terceros con políticas de privacidad ajenas que podrás aceptar o no cuando accedas a ellos. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Ver
Privacidad