Min handia egin digu azken urte hauetan fedea eta kulturaren arteko hausturak

MIKEL GARCIANDÍAIrailaren 29an gure lurraldean oso errotua dagoen festa ospatzen dugu: San Migel. Honi buruz Mikel Garciandiarekin hitz egiten egon gara. Mikel Aralarko San Migel Santutegiaren arduraduna eta mendialdeko bikarioa da, beste hainbat tituluen artean.

 

– Egia (Eg): Hasteko… Nor zen San Migel?

– Mikel Garciandia (M.G.): Nor zen eta nor den guretzat, kristauontzat. Jainkoak sortutako aingeruen artean, Berarengandik eginkizun bat duena, Deabruaren, Gaizkiaren, Etsaiaren aurkaria borrokatzea eta beraz, gizakion lagun eta zaindaria. Bere aztarnak Danielen liburuan eta Apokalipsian daude, beti fededunen mesedetan. Elizaren, Nafarroako Erresuma eta euskaldunon zaindaria ere bada.

– (Eg): Baina XXI. mendean aingeruetan sinisten da? Ez dago hori zaharkitua?

– (M.G.): Santutegiko eguneroko martxa ikusiaz, garbi da ezetz. Aurten bertan, idazle famatu bat dator San Migel egunean, aingeruaz duen esperientziaz hitz egiteko. Gure herriko eta kanpoko makina bat gizon-emakumek San Migelen bitartekotza eskatzen du, fruitu eta ondorio nabarmenekin.

– (Eg): Gure lurraldean oso errotua dago San Migeli debozioa. Zer dela eta?

– (M.G.): Eliza Sakana aldean V. mendetik hedatua dago, eta VI. eta VII. mendetan San Migelen debozioa Europan zehar zabaltzen da. Aralarreko leku sakratua garai hartan San Migelen presentziaz betetzen da eta kristau herriak bere laguntza jasotzen du Islameko gatazken garaian. Geroztik, 1099 urtean Ramiro Printzeak ekarritako Gurutze Santuaren Errelikia gaineratzen zaio gure irudi bakar eta paregabeari.

– (Eg): Zer aurkitu dezakegu Santutegian?

– (M.G.): Espiritualitate eta fede gune sendoa, otoitzerako giro goxo batean, festa egunetan Meza ospakizun ederrak, artearen aldetik esmaltezko erretaulu paregabea, natura zoragarria, estalpea urte osoan zabalik, jatetxe eta taberna, eta egunero Santutegia irekita.

– (Eg): Santutegira joaten den jendeak zer bilatzen du?

– (M.G.): Askok Jainkoari mesedeak eskatzera, osasuna, arazoen konponbideak, edo eskerrak ematera ere maiz doaz, jasotako dohainengatik, Jainkoarekin adiskidetzea… Beste batzuk, meditaziozko leku lasaia eskertzen dute…

– (Eg): Zamartzen dagoen gogarte etxearen arduraduna zara. Zer da Zamartze?

– (M.G.): Aintzinaldiko erromatar gune bat, arakildarrak biltzen zituena I-VI mendeen artean. Oso goiz, kristau hiri bat, lurralde zabal batez arduratzen zena: monasterioan abade batek antolatutako apez elkarte bat bizi zen. VII. edo VIII. mendean bertatik Aralarreko San Migel fundatu zen. Geroz Arakileko parrokia eta azken zortzi urtetan, elizbarrutiko gogarte etxea.

 

– (Eg): Egunkari eta aldizkari ezberdinetan irakurri dugu aurkikuntza arkeologikoak egon direla. Nola suertatu dira aurkikuntza hauek?

– (M.G.): Orain dela hogeita hamar urte bagenekien hor Arakaeli zegoela. 2000 urteko obratan eraikuntza erromatarrak azaldu ziren eta azken lau urtez, Oxfordeko arkeologi talde bat ikerkuntza sistematiko bat bultzatzen ari da hilerri eta baratzean.

– (Eg): Esan diguzunaren arabera San Migel-Zamartze gune aproposa da fedea eta kultura erlazionatzeko. Horrela da?

– (M.G.): Dudarik gabe. Min handia egin digu azken urte hauetan fedea eta kulturaren arteko hausturak eta bi leku horietan elkarren artean dagoen lotura sakon eta ederra suma daiteke. Ezin da gure euskal nortasuna ulertu Erroma eta kristautasuna alde batera utzirik.

– (Eg): Bukatzeko ahaztutako zerbait gehitu nahi zenuke?

– (M.G.): Elizako taldeen laguntza, bi leku horiek bisitatuz eta Zamartzeko espiritualitate etxea gero eta gehiago erabiliz. Sakana eta Larraun aldeko hainbat elizaren ekintza jada bertan egiten ditugu.

– (Eg): Mila esker Mikel.

– (M.G.): Mila esker zuei.

San Migel Santutegiari buruzko informazio gehiago:

www.aralarkosanmigel.info

Comparte este texto en las redes sociales
Esta web utiliza cookies propias y de terceros para su correcto funcionamiento y para fines analíticos. Contiene enlaces a sitios web de terceros con políticas de privacidad ajenas que podrás aceptar o no cuando accedas a ellos. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Ver
Privacidad