Eguberri On “denei”. Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaia

navidad2Ahulenen zerbitzari Jesusen sortzeak gizadiaren historia osoki bertzelakatu du, bere helburua eman baitio, bai eta behinbetiko norabidea. : Jainkoa gure bizian sartu da, gu munduaren eta bekatuaren giltzapetik atera gaitezen, eta betiereko bizitzean sar. Gertakari horrek esperantzaz betea den geroa ideki balinbadauku, heriotzetik, jadanik argi bizi bat emaiten dio gure oraiko biziari, bere zozial ondoriotaraino. Pobrezian eta umiltasunean sortuz, Jesusek xumeeneri eta ahuleneri lehen lekua eman diote gizakien elkartean, eta hetaz arta hartzea gomendatzen dauku. Krexan, Maria bere amaren besoetan , Josepe justuaren behako samurraren pean lo dagon sortu berriaren baitan, bakotxak entzun dezake beharrira murmurikatzen : « Baliotsua zira neretzat, eta maite zaitut . » (Izai 43) Eguberri, argi bat da « hondakinaren kulturaren pean (Aita saindua da hola mintzo) bizi den mundu baten gainean jalgi dena, ahulenak sortzetik heriotzeraino beti ta beti alde batera utziak baitira boteretsuenen interesengatik. Gogoan ditut Ekialde hurbileko girixtinoak, bereziki Ziriako haurrak, bai eta Centre Afrique (1) eskualdeko girixtinoak Eguberri hau hersturan eta izu-ikaran iraganen dutenak. Betlemeko Jesus haurari so gaudela, gure soaren aldatzera deituak gira, bai eta konpromisu sendoak hartzera pobreenen alde, gaitzetsiak eta bide bazterrean utziak direnen alde. Hurbil ditugun hauteskundeek, bai herrietako, bai Europakoek, emanen daukute parada arduraz guzien ongiaren alde lan egiteko, horrek bakarrik baitezake segurtatu guzien duintasuna ttipienetarik hasi-ta. Goretsi behar bada nola hautetsi ainitzek betetzen duten beren kargua, beren burua ahantziz, bereziki gure herri xumeetan, lehiatu behar gira ere gure mende huntako arazo eta desafio handieri buruz hautagai argiak sustatzera. Gogoan izan dezagun Europa mailako mobilizazioa « Gutarik bat » enbrioiaren zaintzeko (2) edo « La manif pour tous » ezkontzaren eta familiaren alde, eta haurraren dretxoak zaintzeko,nehor kondenatu gabe ; eta ere zergeri buruz izan den asaldatzea (bonet gorriak) oraiko enpleguaren defentsaren alde, bai eta enpresa ttipien zaintzeko , zergaren bidez oraiko ekonomia- politikak ito baitezake gure herri eta nazionen mugak aise gainditzen dituzten interesen fagoretan. Horiek guziek ez ote dute irakusten iratzarri direla jendeen kontzientziak bai Frantzian, bai zozietatean politika eta komunikabideen mikrokosmoak duen bere interesen eta boterearen tentaldiari buruz. Eguberriko izarra Baionako hiriaren karriketan ibilki da Abenduaren hastetik azken eguneraino eta Katedralean bururatuko du bere ibilaldia. Hor argituko da osoki zinbolo edo ikur hori.Lehen Magoak Ekialdetik etorriak gidatu zituen Betlemeko krexara.Ustegabean hor ikusi zuten haurra bere ama Mariarekin , jakitatez, boterez eta aberastasuunez puxantak ziren errege horiek, eta ahuspez jarri ziren haren aitzinean eta adoratu zuten. (Luk 2,10) Behin betikotz bazterrerat utzi zuten beren indar xoilez mundua kanbiatuko zutelako ustea, eta gizonak salba ditzazken iraultza bakarraren zerbitzuko umilki jarri ziren, Kristo Jaunak bere heriotzeaz eta pizteaz bakear en eta maitasunaren zibilizazionea eraikitzeko. Eguberri on guzieri ! Urte berri on eta saindu !

+ Marc AILLET,
Baiona, Lezkar eta Oloroneko apezpikua.Jakin badakit zuetako askorentzat Eguberriek ez dutela inolako kutsu erlijiosorik; beste batzuontzat aldiz, Jai hauek Jainkoaren seme den Jesus haurraren jaiotzaren ospakizuna dira. Gaur egun gure herri eta hirietako kaleetan ikus ditzakegun apaingarriak esaterako, mezurik gabeko irudi geometriko distiratsuak alegia, gizartean dauden bi alderdi horien adierazgarri dira: erlijiosoa eta sekularra.

Elkarrengandik zeharo aldenduta dauden eta euren artean komunikatzeko gai ez diren bi munduren ikuspegiak ote? Nik ez dut hori uste. Alderantziz, Eguberri “laiko” horien oinarrian dauden balioek zerikusi handia dute beste Eguberri “kristau” horiekin. Eta nola lotu bi errealitateak? Nola ekin biren arteko elkarrizketari komunean dituzten balioetatik abiatuz? Frantzisko, gure Aita Santuak “Evangeli Gaudium” Burubidean azaltzen dituen hainbat adierazpenen bitartez, galdera hauei erantzuten saiatuko naiz:

Eguberria, hasteko eta behin, samurtasunerako deia dugu… Zer esan nahi du Frantziskok “samurtasunari ikararik ez izan!” dionean lau haizetara? Samurtasunaren beldur gara? Ezinikusiari, zakarkeriari, gorrotoari,… ikara izatea ohikoa da… Baina beldur izaten gara halaber, gustuko dugun zerbait kendu diezaguketela uste dugunean. Eta samurtasunari beldur izateak ere badu zentzurik: hau da, seguru sentitzeko oinarritzat ditugun ideologiak, aurreiritziak, usadio berekoiak, itxurakeria, larderia,… galdu eta biluzik gelditzeari diogun ikara baino ez da.

Lagun hurkoa besarkatu eta maitatzeko ahalmena galtzen dugunean arazo larria daukagu. Frantzisko Aita Santua ekarri digun 2013 honetan, hark gaixo eta haurrekin erakutsitako samurtasunak hunkitu gaitu. Gehienak atzera botako gintuzketen desitxuratutako gaixoak laztantzen ikusi dugu Aita Santua; haien aurpegietan besteentzat ikusezina den edertasuna aurkitu izan balu bezala. Frantziskoren samurtasunari esker, baztertutako hainbat pertsonek gizatasuna berreskuratu dute eta modu berean, samurtasunari diogun beldurraren azpian dauden beste beldurrak azalerazi ditu: ahultasunari, afektibotasunari eta maitasunezko konpromisoari diogun beldurra, eta mozorro edo oskolaren atzean ezkutatzen den gizon-emakumea ezagutzeari diogun beldurra.

Eguberriak duen beste balio nagusietako bat, jendearekiko hurbiltasunak eskaintzen digun poza eta ongizate espirituala; honi esker, zoriontsu izateko ezinbestekoa dugula ohartzen gara. Izan ere, ez da egia hobeto bizitzeko besteengandik ihes egin, ezkutatu, emateari eta partekatzeari uko egin edo eta erosotasunean murgildu behar dugunik. Alderantziz, hori suizidio geldoa da! Gure zorionaren oinarria bizitza honetan gutako bakoitzak duen zeregina aurkitzea da; alegia, mundu honetara ekarri gaituen zergatia (Nola ez gogoratu Eguberri garaian “It ?s a wonderful life” – “Qué bello es vivir” filmea!). Baina bizitzan egiaz partekatzeko, besteei gorputz eta arima emateko, behar-beharrezkoa dugu jakitea pertsona orok merezi duela gure emate hori. Honetan, fededunok abantaila daukagu, jakin badakigulako Jainkoarentzat gu guztiok merezi dugula Haren samurtasun neurri-ezina. Itxura guztien gainetik, gizabanako bakoitza sagaratua da eta gure senitartekorik kutunenari diogun maitasun bera zor diogu.

Hirugarren lekuan, oinarrizko beste balioa, itxaropena dugu. Argi ibili gero ezkortasunean ez erortzeko, horrek, dena galdu dugula uste izan eta borrokari uko egitera garamatza. Zinez, errugabeenganako bidegabekeriak maiz nagusitzen dira; baina egia ere bada deuseztatutako lekuetan bizitza sortzen dela behin eta berriz, etengabe eta menderaezina. Egunero edertasuna jaiotzen da munduan! Alde honetatik ere, kristauok abantaila dugu, Pizkundean sinesteak itxaropenez janzten gaituelako. Bizitza honetan egindako maitasunezko ekintza guztiak betierekoak dira! Eta argi izan horietako bat bera ere ez dela alferrik galduko: gure malkoak, besteekiko kezkak eta ardurak, bihotz-zabaltasunak eragindako nekeak, lagun-hurkoarekin erabili dugun egonarria,… Denak ere garrantzi handikoak dira. Horregatik guztiagatik —Eguberritako balioetan sakontzea oinarrizkoa eta oso garrantzitsua delako— Frantzisko Aita Santuak, kontenplaziozko espiritua berreskuratu eta bizitzak gordetzen duen misterioan murgildu eta arakatzera deitzen gaitu. Pascalek esan ohi zuen moduan: “Gizonak behin eta berriz eta neurririk gabe gainditzen du gizona”. Belengo portaleko Haurra, horren erakusgarririk handiena.

Comparte este texto en las redes sociales
Esta web utiliza cookies propias y de terceros para su correcto funcionamiento y para fines analíticos. Contiene enlaces a sitios web de terceros con políticas de privacidad ajenas que podrás aceptar o no cuando accedas a ellos. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Ver
Privacidad