«Jaunak gero eta handiagoa egin dezala elkarrenganako eta guztienganako zuen maitasuna» (1 Ts 3, 12).

ChiaraBizi-Hitza > 2013ko abendua

San Paulok hitz hauetan, honelako beste hainbatetan bezala, grazia bereziak opa dizkie bere kristau elkarteei, eta aldi berean eskatu ere bai Jaunari (ik. Ef 3,18; Flp 1,9 … ). Hemen Tesalonikakoentzat elkarrenganako maitasuna, beti haziz doana eta leporainokoa, eskatzen du. Ez die gordeka hutsik aurpegiratzen, bere elkarte hartan elkarrekiko maitasunik ez balego bezala; aitzitik maitasunean berezkoa den legea eskatzen die: maitasun horretan haziz joatea. «Jaunak gero eta handiagoa egin dezala elkarrenganako eta guztienganako zuen maitasuna».

Maitasuna kristau bizitzaren muina denez, haziz joan ezean kristau bizitza osoa ahultzen da, makaltzen eta are itzaltzen.

Ez da nahikoa lagun hurkoa maitatzearen argitasuna ulertu izana, ez eta haren bultzada gogo beroz sentitu izana ere Ebanjeliora konbertitu ginenean.

Maitasun hori hazarazi egin behar da, bizirik eta eragile eta lanean eduki.

Eta hori gertatuko da, bizitzak egunero eskaintzen dizkigun hainbat aukera gero eta bizkortasun eta eskuzabaltasun gehiagoz onartzen baldin badakigu.

«Jaunak gero eta handiagoa egin dezala elkarrenganako eta guztienganako zuen maitasuna».

San Paulorentzat, kristau elkarteek benetako familia baten mardultasuna eta garra eduki behar lukete.

Horrela ulertzen da apostoluaren ahalegina elkarte horiek ohartarazteko, sarritan mehatxatzen dituen arriskuez: indibidualismoa, axaletik ibiltzea, kaskarkeria.

Baina san Paulok aurrea hartu nahi dio aurreko horrekin estuki loturiko beste arrisku bati ere: bizitza ordenatu eta lasai batean, baina norbere buruan itxita, gelditzeko arriskua.

Hark kristau elkarte irekiak nahi ditu, izan ere karitateak berea baitu fedean anai-arreba direnak maitatzea eta, aldi berean, denen arazo eta premien aurrean sentibera izatea.

Karitateak berea du edozein pertsona onartzea, zubiak eraikitzea alde onari helduz eta geure on egiteko desioak eta ahaleginak elkartuz borondate ona adierazten dutenekin.

«Jaunak gero eta handiagoa egin dezala elkarrenganako eta guztienganako zuen maitasuna».

Eta nola beteko dugu, bada, hil honetako Bizi-hitz hori? Gu ere elkar maitasunean hazten saiatuz geure familietan, geure lan-ingurunean, elizako geure elkarte eta erakundeetan, parrokietan …

Bizi-hitz honek karitate leporainokoa eskatzen digu, hau da, neurri kaskarrak eta geure egoismo finetik datozen hainbat traba gainditzen dakien karitatea.

Nahikoa izango da karitatearen aspektu batzuetan pentsatzea (tolerantzia, konprentsioa, elkar onarpena, pazientzia, zerbitzurako prest egotea, gupida lagun hurkoaren benetako edo balizko hutsegiteekin, ondasun materialak elkarrekin jartzea, eta abar), horrela karitatea bizitzeko aukera asko aurkitzeko.

Eta gero begien bistakoa da, gure kristau elkartean horrelako elkar maitasun giroa baldin badago, bero hori denengana zabalduko dela. Are kristau bizitza ezagutzen ez dutenek ere sumatuko dute horren erakargarritasuna, eta erraz eta ia konturatu gabe afektuz inguratuak sentituko dira familia baten beraren parte sentitzeraino.

Chiara Lubich

Ciudad Nueva aldizkarian argitaratua: 304 zkia. (1994 / 11), 33. or.

Comparte este texto en las redes sociales
Esta web utiliza cookies propias y de terceros para su correcto funcionamiento y para fines analíticos. Contiene enlaces a sitios web de terceros con políticas de privacidad ajenas que podrás aceptar o no cuando accedas a ellos. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Ver
Privacidad