«Zorionekoak bihotz garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa» (Mt 5, 8)

Chiara LubichJesusen predikua mendiko hitzaldiarekin hasten da. Tiberiades aintziraren aurrez aurre, Kafarnaun ondoko muino batean, denei begira eserita maisuek egin ohi zuten gisara, Jesusek jendetzari hots egiten dio, nolakoa den zoriontasunen araberako gizakia. Jada Testamentu Zaharrean hainbatetan erabilia izan zen «zoriontasun» hitza, era batera edo bestera Jaunaren Hitza betetzen zuen hura goraipatzeko.

Jesusen zoriontasunek, neurri batean, ikasleek jada ezagutzen zituztenak oroitarazten dituzte; baina haiek orain entzuten zuten, lehen aldiz, bihotz garbiak ez zirela soilik Jaunaren mendira igotzeko gai, salmoak dioenez (ik. Sal 24, 4), baizik Jainkoa ikusi ere egin ahal zutela. Zein garbitasun zen hainbeste irabazarazteko gai? Jesusek behin baino gehiagotan azalduko zuen hori bere predikuan. Horregatik, saia gaitezen Berari jarraitzen, benetako garbitasun horren iturritik edan ahal izateko.

«Zorionekoak bihotz garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa»

Ezer baino lehen, Jesusek dioenez, badago purifikaziorako medio eder bat: «Zuek garbi zaudete dagoeneko, adierazi dizuedan mezua dela bide» (Jn 15, 3). Arima ez dute errito-ariketek garbitzen, Haren Hitzak baizik. Jesusen Hitza ez da giza hitzen antzekoa; hitz horretan Kristo dago presente, Eukaristian beste era batera dagoen bezala. Hitz horren bidez Kristok gugana egiten du bidea, bere lana egiten uzten badiogu; eta libre egiten gaitu bekatutik, bihotz garbikoak, alegia.

Horrela, bada, Hitza bizitzearen emaitza da garbitasuna, lotura txarrak deituetatik libratzen gaituzten Jesusen hitzak bizitzearen fruitua; eta lokarri txar horiek erremediorik gabe lotu egiten gaituzte, bihotza Jainkoagan eta Hark irakatsitakoan jartzen ez badugu; lotu gauzekin, sorkariekin nahiz geure buruarekin. Baina bihotza Jainkoari soilik badago adi, beste guztia bertan behera etortzen da.

Egiteko hau aurrera ateratzeko, balio dezake honela dioen salmoaren deia behin eta berriz egitea Jesusi edo Jainkoari: «Zeu zaitut, Jauna, neure on guztia» (ik. Sal 16, 2). Esan dezagun berori maiz, batez ere lotura txarren batek gure bihotza ona ikustea iluntzeko eta libertatea kentzeko lain diren irudi, sentiera eta grinetara eraman dezakeenean.

Halako iragarki-irudiei begiratzeko edo telebistako hala-moduzko programaren bat ikusteko gogoa datorkigula? Ez! Esan diezaiogun: «Zeu zaitut, Jauna, neure on guztia», eta hori izango da lehen pausoa, geure burutik atera gaitezen eta Jainkoari geure maitasuna adieraz diezaiogun.

Konturatzen gara, halako pertsona edo eginkizuna traba bihurtzen direla Jainkoaren eta gure artean, eta lurrindu egiten dutela gure Harekiko harremana? Orduan da unea esateko: «Zeu zaitut, Jauna, neure on guztia». Hori egiteak, gure desioak garbitzen eta barne-libertatea berreskuratzen lagunduko digu.

«Zorionekoak bihotz garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa»

Hitza bizitzeak libre eta puru egiten gaitu, maitasun delako. Maitasuna da gure intentzioak eta gure barne guztia garbitzen duena bere jainkozko suarekin, zeren eta Bibliaren arabera bihotza baita gure adimenaren eta nahimenaren txokorik barnenekoena.
Baina bada, Jesusek gomendatzen digun eta zoriontasun hau bizi ahal izatea ematen digun maitasun bat: elkar maitasuna, bere bizitza Jesusen antzera besteen alde emateko prest dagoenaren maitasuna. Maitasun honek korronte bat sortzen du, hartu-eman bat, giro bat; eta giro horren ezaugarri bereizlea gardentasuna da, garbitasuna Jainkoaren presentziagatik, Hura baita guregan bihotz garbia sor dezakeen bakarra (ik. Sal 51, 12). Elkarrekiko maitasuna bizi badugu, Hitzak purifikazioaren eta santifikazioaren emaitza dakar.

Norbanako batek ezin die luzaro munduaren zirikaldiei eutsi. Elkarrekiko maitasunean, berriz, giro sanoa aurkitzen du, bere garbitasuna eta benetako kristau existentzia zaintzeko gai den giroa.

«Zorionekoak bihotz garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa»

Eta hemen dago garbitasun horren fruitua, beti berreskuratzen jardun behar dena: Jainkoa ikusteko ahalmena, alegia, Haren lana gure bizitzan eta historian ulertzea, Haren ahotsa bihotzean entzutea, Haren presentzia honako toki hauetan jasotzea: pobreengan, Eukaristian, Jainkoaren Hitzean, senideekiko elkartasunean, Elizan.

Hori da modu bat, Jainkoaren presentzia jadanik bizitza honetan dastatzeko, «sinesmenaren argiak gidatzen gaituelarik, ez ikusten dugunak» (ik. 2 Ko 5, 7), gero beti guztian «aurrez aurre» (1 Ko 13, 12) ikus dezagun arte.

Chiara Lubich

Comparte este texto en las redes sociales
Esta web utiliza cookies propias y de terceros para su correcto funcionamiento y para fines analíticos. Contiene enlaces a sitios web de terceros con políticas de privacidad ajenas que podrás aceptar o no cuando accedas a ellos. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Ver
Privacidad