Jose Antonio Retolaza Foto610x342

Jose Antonio Retolaza ohorezko euskaltzaina hil da

jose-antonio-retolaza_foto610x3422014ko martxoaren 12an Jose Antonio Retolaza Kili-kili pertsonaiaren eta izen bereko aldizkariaren sortzaile, euskararen aldeko ekintzaile eta ohorezko euskaltzaina hil zen Bilbon, 84 urte zituela. Haren aldeko hileta elizkizuna martxoaren 13an izan zen, arratsaldeko 19:00etan, Bilbon, Abandoko Done Bikendi parrokian.
Jose Antonio Retolaza Ibarguengoitia Bilbon jaio zen, 1929ko ekainaren 6an. Gerra garaian Muxikara joan zen bizitzera.
1957an Teologia ikasketak amaitu zituen Gasteizen eta Atxondo araneko Arrazolara joan zen, abade. Bertan, 1959ko ekainaren 21ean berak eman zuen Euskal Herrian -eta munduan- izan zen lehen meza euskaraz. 2002an, elizaren sarreran, harri bat jarri zen, ekintza horren oroigarri.
Bilboko Merkataritza Eskolan Merkataritza-Peritajea ere egin zuen.
1958an Jaime Kerexetak animatuta, Jesukristo-ren Barri Ona idatzi zuen. 1962an, berriro Kerexetak bultzatuta, Eguneroko Meza publikatu zuen.
1963an, Arrazolako parroko eta Elorrion Funcor ikastetxeko zuzendari zela, euskara irakasten zuelako, alkateak salatu zuen eta gobernadoreak eta gotzainak bota egin zuten handik.
1964an Madrilera joan zen, Psikopedagogia ikastera. 1975ean lizentziatu zen.
“Euskal Mezea” sortu zuen Bilbon. Horren ostean, ume eta gaztetxoak elkarturik, doktrina irakasten zien. Horrela sortu zen San Antoneko Euskal Katekesia.