«Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar» (Jn 13,34)

Chiara LubichGaldetuko duzue noiz esan zituen Jesusek hitz horiek. Nekaldia hasi aurretik mintzatu zen horrela, bere testamentua den azken agurreko hitzaldia egin zuenean, eta bertakoak dira hitz horiek. Har dezagun kontuan duten inportantzia. Aita batek hil aurretik esaten dituen hitzak sekula ahazten ez badira, zer pentsatu Jainkoak berak esandakoez? Ahalegin gaitezen beroriek sakonki ulertzen.

«Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar»
Jesus hil aurreko unean da, eta esaten duen guztiak gertaera horrekin du zerikusia. Gertu duen heriotzak arazo baten konponbidea eskatzen du. Nola jarrai beretarrekin egoten, Eliza aurrera eramateko? Badakigu Jesus presente dagoela sakramentu-ekintzetan, adibidez mezako Eukaristian. Orobat presente dago elkar maitasuna bizirik den tokian. Berak esan zuen: “Nire izenean bizpahiru lagun biltzen badira nonbait, han nago ni beraien artean” (Mateo 18,20). Beraz, elkar maitasuna sakonki bizi duen elkartean, egon daiteke jardunez presente. Ez al da hau guztiz ederra? Ez al du ematen, maitasun hori gure hurrekoekin berehala bizitzen hasteko gogoa?

«Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar»
Sakonduz goazen hitzak biltzen dituen Joanek, elkar maitasunean ikusten du agindu nagusia Elizarentzat, beronek elkartasun eta batasun izatea baitu bokazioa. Jesusek honela dio berehalaxe: “Honetan ezagutuko dute guztiek, zuek nire ikasle zaretela: zuek elkar maite izatean” (Joan 13,35). Beraz, Kristoren ikasleen benetako seinalea, beren ezaugarria, ezagutu nahi badugu, berori praktikan jarritako elkar maitasunean geureganatu behar dugu. Kristauak seinale horretan dira ezagutuak. Berori falta bada, gizon-emakumeek ez dute Jesus Elizan aurkitzen.

«Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar»
Elkar maitasunak batasuna sortzen du. Eta batasunak, zer sortzen du? “Denek bat izatea – gehitzen du Jesusek – munduak sinets dezan” (Joan 17,21). Kristoren presentzia agerian jartzean, batasunak mundua bere atzetik darama. Batasuna eta elkar maitasuna ikusiz, munduak Harengan sinesten du.

«Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar»
Jesusek, bere azken hitzaldi horretan, “berea” deitzen dio agindu honi. Berea da, eta horregatik nahi dugu geuretzat era berezian. Agindu hori ez dugu ulertu behar besteak bezalako arau, erregela edo agindu bat bezala, besterik gabe. Jesusek bizitzeko modua jarri nahi digu hor agerian, bizitzari aurre nola egin adierazi nahi digu. Izan ere, lehen garaiko kristauek agindu hau zuten beren bizitzako oinarri. Horrela zioen Pedrok: “Batez ere, gorde ezazue bizi-bizi elkarrenganako maitasuna” (1 Pedro 4,8). Lanean hasi aurretik, ikaste-lan, meza eta edozein egitekoren aurretik egiaztatu egin behar dugu, elkar maitasun hori jardueran dugun. Hori horrela bada, dena da baliozkoa. Oinarri hori gabe, ez dago ezer Jainkoari atsegin zaionik.
«Agindu berri bat ematen dizuet: elkar maita dezazuela. Nik maitatu zaituztedan bezala, maitatu zuek ere elkar»
Horrez gain esaten Jesusek du agindu hau berria dela: “Agindu berri bat ematen dizuet”. Zer esan nahi du horrek? Ezaguna ez den agindu bat dela? Ez da hori. Berri hitzak esan nahi du, garai berrietarako dela. Orduan, zertaz doa gauza? Jesus guregatik hil zen. Hau da, neurririk gabe maitatu gintuen. Nolakoa zen bere maitasuna? Egia esan, ez gurea bezalakoa. Bere maitasuna jainkozkoa zen. Berak esaten digu: “Aitak maite nauen bezala, halaxe maite zaituztet nik ere zuek; iraun tinko nire maitasunean” (Joan 15,9). Maitasun horrekin berarekin maitatu behar dugu elkar, agindu berri hori jardunean jartzeko. Gizakume gisa, maitasun hori ez dugu geurea. Baina hartu egiten dugu kristau izateagatik. Eta nork ematen digu? Espiritu Santuak isurtzen du sinestedun guztien bihotzetara. Beraz, badago kidetasunik Aitaren, Semearen eta kristauen artean, jainko-maitasun berbera dugulako geure. Maitasun horrek Hirutasunean sartzen gaitu, Jainkoaren seme-alaba egiten. Maitasun hori dela eta, zerua eta lurra korronte handi baten bidez elkartuak daude, eta kristau elkartea eramana gertatzen da Jainkoaren esferara, eta jainko-errealitatea lurrean bizi da, kristauek elkar maite dutenean. Ez al da hau dena jainko-eran eder eta ezinago liluragarria?

Chiara Lubich
Iruzkin hau 1980an argitaratu zen lehen aldiz. Fokolareen Mugimenduaren argitalpena.

Comparte este texto en las redes sociales
Esta web utiliza cookies propias y de terceros para su correcto funcionamiento y para fines analíticos. Contiene enlaces a sitios web de terceros con políticas de privacidad ajenas que podrás aceptar o no cuando accedas a ellos. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Ver
Privacidad