Frantzisko aita santuaren mezua, Etorkinen eta Errefuxiatuen 2014ko mundu egunerako

papa franciscoSenide maiteok: Gure gizarteek elkarren mendekotasun eta elkarrekintza prozesuak bizi dituzte, historian inoiz gertatu ez bezala. Prozesu horiek elementu arazotsuak edo ezkorrak badituzten arren, giza familiaren bizi-baldintzak hobetzea dute xede eta ez gara soilik alderdi ekonomikoaz ari, baizik eta alderdi politikoaz eta kulturalaz ere ari gara. Pertsona oro gizateriaren zati da eta herrien familia osoarekin partekatzen du etorkizun hobearen itxaropena. Hemendik sortu da etorkinen eta errefuxiatuen aurtengo mundu egunak aukeratu duen gaia: mundu hoberantz.

Aldaketa modernoen emaitza gisa, giza mugikortasunaren fenomeno berri hau “garaien ikurra” da; hala definitu zuen Benedikto XVI. aita santuak (Etorkinen eta errefuxiatuen 2006ko mundu egunerako mezua). Migrazioek nazioarteko komunitate aren eta estatuen gabeziak eta hutsuneak argitara ateratzen dituzte, baina egia da, halaber, gizateriaren asmo batzuen berri ere ematen dutela: desberdintasunak errespetatuaz batasunean bizitzeko nahia, lurreko ondasunen banaketa parekatua ahalbideratzeko harrera eta abegia, duintasuna zaindu eta sustatzeko nahia eta gizaki oro gune izatea. Kristau ikuspegitik migrazio fenomenoetan baieztatzen da (beste giza errealitate batzuetan bezala) esker onak eta berrerospenak markatutako kreazioaren edertasunaren eta bekatuaren misterioaren arteko tentsioa. Bazterkeria, arbuioa, esplotazioa, mina eta heriotza elkartasuna eta harreraren, senidetasunezko keinuen eta ulermenaren beste muturrean daude. Bereziki kezkagarria da migrazioa derrigortutakoa izateaz gain, pertsonen trafikoaren bidez egiten bada eta mirabe hartzen badira. Gaur egun ohikoa da “mirabe lana”. Baina arazoak arazo eta aurre egin beharreko arriskuak eta zailtasunak egon arren, hainbeste etorkin eta errefuxiatu konfiantza/itxaropena binomioak sustatzen ditu; etorkizun hobea nahi dute beraientzat ez ezik, beraien familiakoentzat eta maite dituzten pertsonentzat eta hori daramate bihotzean.

Zer da “mundu hobea” sortzea? Esamolde hau ez da asmo abstraktuez eta lortu ezin diren errealitateez ari, baizik eta egiazko eta osoko garapena nahi du, denontzako bizi-baldintza duinak izateko lana egin nahi du, Jainkoak gure esku utzi duen kreazioa errespetatu, zaindu eta landu dadin. Paulo VI.a beneragarriak hitz hauekin deskribatu zituen gaur egungo gizakiaren nahiak: «Miseriarik gabe egotea, norbere biziraupena, osasuna, zeregin egonkorra segurtasun handiagoz aurkitzea; erantzukizunetan parte hartze handiagoa izatea, inolako mendekotasunik gabe eta bere giza duintasunari kalte egingo dioten egoeretatik babestuta; ikasiagoak izatea; hitz gutxitan esanda, gehiago egitea, jakitea eta edukitzea, handiago izateko» (Populorum progressio entzi. Gut. 1967ko martxoak 26, 6). Gure bihotzak “zerbait gehiago” nahi du, ez soilik gehiago jakitea edo gehiago edukitzea, baizik eta, batez ere, handiago izatea. Garapena ezin da hazkunde ekonomiko hutsera murriztu, askotan pertsonarik ahulenak eta defentsarik gabeak kontuan izan gabe lortzen baita. Mundua hobetzeko, pertsonengan jarri behar da lehen arreta, pertson aren sustapena osokoa izan behar da, bere dimentsio guztietan sustatu behar da, espiritualean barne, ez da inor atzera utzi behar, pobreak, gaixoak, presoak, behartsuak, atzerritarrak kontuan hartu behar dira (cf. Mt 25,31-46); arbuioaren kultura alde batera utzi eta topaketaren eta harreraren kulturara igarotzeko gai izan behar gara.

Etorkinak eta errefuxiatuak ez dira gizateriaren mahai-jokoko peoiak. Beraien etxeak utzi dituzten edo hamaika arrazoigatik utzi behar izan dituzten haurrak, emakumeak eta gizonak dira; gure nahi berdinak dituzte, ezagutu, eduki egin nahi dute, baina gauza guztien gainetik “zerbait gehiago” izan nahi dute. Harrigarria da kontinente batetik bestera emigratzen duen pertsona kopurua, baita beraien herrialdean bertan edo eremu geografikoan toki batetik bestera joan behar izaten dutenena ere. Gaur egungo migrazio fluxuak garai guztietako pertsonen (eta herrien) joan-etorri handiena dira. Eliza etorkinekin eta errefuxiatuekin batera doa bidean eta migrazioen zergatiak ulertzeko hitza ematen du, baina baita migrazio mugimenduen jatorrizko, igarobideko eta helmugako erkidegoetan horrek dituen ondorio negatiboak gainditzeko eta positiboei balorea emateko ere.

Mundu hoberanzko aurrerapena sustatzen dugun arren, ezin gara pobrezia asaldagarriaren dimentsio guztiak salatu gabe geratu zoritxarrez. Indarkeria, esplotazioa, bazterkeria, nahiz banakoen nahiz taldeen oinarrizko askatasunak murrizteko planteamenduak… dira pobreziaren elementurik nagusienetako batzuk eta horiek guztiak gainditu beharra dago. Are gehiago, askotan alderdi hauek izaten dira migrazio mugimenduen ezaugarriak ere, migrazioa eta pobrezia lotzen dituzte. Miseria edo jazarpen egoeretatik ihes egiteko, aukera berrien bila edo bizitza salbatzeko hasten dute milioika pertsonek migrazio bidaia eta beraien ametsak bete zain daudela konfiantzarik eza, itxikeria eta bazterkeria aurkitzen dituzte askotan, edo beste zorigaitzen batzuk jasaten dituzte; zorigaitz horiek oso larriak izaten dira askotan eta beraien giza duintasuna zauritzen dute.

Gure garai globalizatu honetan dimentsio berezia hartu dute migrazioek eta errealitate horri aurre egin beharra dago, beste modu batera kudeatu behar da, modu orekatsu eta eraginkorrean; ezer baino lehen nazioarteko lankidetza eta elkartasun eta erruki handiko espiritua eskatzen ditu. Oso garrantzitsua da hainbat mailatako lankidetza, eta maila guztiek giza pertsona zaindu eta sustatutako duten tresna arautzaileak erabili behar dituzte. Benedikto XVI.a aita santuak marraztu zituen koordenatuak: «Politika hau garatzeko lankidetza estua egon behar da emigranteen jatorrizko eta helburuko herrialdeen artean; nazioarteko araudi egokiak behar ditu, lege mailako araudi desberdinak egokitzeko bat izango dena, pertsona eta familia etorkinen eskakizunak eta eskubideak eta xede dituzten herrialdeetako eskakizunak eta eskubideak zaintzeko» (Caritas in veritate Entz. gut. , 2009ko ekainak 19, 62). Mundu hobe baten alde lana elkarrekin egiteko, elkarri lagundu behar diote herriek, prest egon behar dira horretarako eta konfiantza izan behar dute, ez dute gainditu ezin den oztoporik jarri behar. Sinergia onari esker desoreka sozioekonomikoei eta araurik gabeko globalizazioari aurre egitera sustatuko ditu agintariak, horiek baitira migrazioen zergatietako batzuk, eta pertsonak protagonista izan beharrean biktima bihurtzen dira. Inongo herrialdek ere ezin die aurre egin bere kabuz fenomeno honi lotutako zailtasunei; fenomenoa oso zabala da eta kontinente guztietan du eragina immigrazio/emigrazio mugimendu bikoitzean.

Bada azpimarratu beharreko beste alderdi oso garrantzitsu bat ere: herrialde bakoitzak ahalegina egin behar luke bertako baldintza ekonomikoak eta sozialak hobetzeko, hori litzateke lankidetzako lehenengo urratsa. Horren ondorioz, bakea, justizia, segurtasuna eta giza duintasunaren erabateko errespetua lortzeko modu bakarra ez litzateke emigrazioa izango. Tokiko ekonomietan lanerako aukerak sortuz gero ere, familiek ez lukete banandu beharrik izango eta pertsonei eta taldeei egonkortasunerako eta lasaitasunerako baldintzak bermatuko zaizkie. Amaitzeko, emigranteen eta errefuxiatuen errealitateari begiratu eta mundu hobea eraikitzeko hirugarren elementu bat azpimarratu nahi nuke: migrazioen ebaluazioan ditugun aurreiritziak eta aurreusteak gainditzea. Emigranteak, iheslariak, asiloa eskatuz dabiltzanak edo errefuxiatuak iristeak susmoak eta etsaitasunak sortzen ditu tokiko herrietan. Gizarte baketsuan tira-birak egongo diren beldurra egoten da, nortasuna edo kultura galduko diren beldurra, laneko merkatuan lehia areagotzekoa edo, kriminaltasuneko faktore berriak sartzekoa. Komunikabideek erantzukizun handia dute alor honetan: beraiei dagokie estereotipoei mozorroa kentzea eta informazio zehatza ematea; batzuen akatsak salatzea eta gehiengoaren zintzotasuna, zuzentasuna eta handitasuna deskribatzea. Beharrezkoa dugu etorkin eta errefuxiatuekiko jarrera aldatzea, defentsako eta errezeloz betetako jarreratik, interes gabeziatik eta bazterkeriatik–“arbuioaren kulturakoak” denak ere -“topaketaren kultura” oinarri hartuko duen jarrerara igarotzea, kultura hau baita mundu bidezkoagoa eta senideagoa eraikitzeko gai den bakarra, mundu hobea eraikitzeko gai den bakarra. Komunikabideak ere “jarreren aldaketa” honetan sartzera deituta daude eta emigrante eta etorkinekiko jarrera aldaketa honen alde egin beharra daukate.

Nazareteko Familia Santuak bere bidearen hasieran arbuioa bizi behar izan zuela ere gogoan dut: Mariak «lehen-semea izan zuen; oihaletan bildu eta abere-aska batean ezarri zuen, ez baitzen ostatuan haientzat tokirik» (Lk 2,7). Are gehiago, Jesus, Maria eta Josek beraien lurra utzi eta emigrante izatea zer den bizi izan zuten: Herodesen botereak mehatxatuta, Egiptora ihes egin behar izan zuten eta han egon (cf. Mt2,13-14). Baina Mariaren ama-bihotzean eta Joseren bihotz ernean, Familia Santuaren zaintzailearenean, Jainkoak inoiz ez zituela bazterrean utziko argi egon zen, inoiz ez zuten itxaropen hori galdu. Jainkoaren bitartekoz ziurtasun hori bera izan dezatela etorkinek eta errefuxiatuek euren bihotzetan.

Elizak Jainkoaren Herri izan beharra dauka, Kristok emandako aginduari jarraituaz, «zoazte eta egin ikasleak herrialde guztietan»; eta herrialde guztietan hots egiten du Ebanjelioa, pertsona bakoitzaren aurpegian Kristoren aurpegia baitago. Hemen dago giza duintasunaren sustrairik sakonena eta hori beti errespetatu eta zaindu behar da. Giza duintasunaren oinarria ez dago eraginkortasunaren, ekoizpenaren, gizarteko mailaren, etnia edo erlijio talde batekoa izatearen arabera, baizik eta Jainkoaren antzeko eta irudira sortu izanean (Gn 1,26-27) eta Jainkoaren seme-alaba izatean; gizaki bakoitza Jainkoaren semea edo alaba da. Kristoren irudia inprimatuta dago bakoitzarengan. Beraz, guk izan behar dugu hori ikusten lehenengoak eta horrela besteei lagunduko diegu etorkinengan eta errefuxiatuengan aurre egiteko arazoa ikusi ordez senide bat ikusten, harrera egin, errespetatu eta maitatu beharreko senide bat; Ebanjelioaren arabera gizarte bidezkoagoa, demokrazia handiagoa, elkartasun handiagoko herrialdea, senidetasun handiagoko mundua eta kristau komunitate irekiagoa eraikitzeko Probidentziak ematen digun aukera da etorkin eta errefuxiatu bakoitza. Migrazioek ebanjelizazio berria ekar dezakete, Pazko misterioan hots egindako gizateria berria hazteko espazioak ireki, atzerri guztiak aberri eta aberri guztiak atzerri dituen gizateria.

Etorkin eta errefuxiatu maiteok, izan itxaropena, zuentzat ere etorkizun ziurragoa baitago, zuen bideetan aurki ditzazuela luzatutako eskuak, senideen arteko elkartasuna eta adiskidetasunaren beroa zer diren jakin dezazuela. Zuei guztioi eta zuen ondoan beraien bizitzak eta energiak ematen dituzten guztioi nire otoitza ziurtatzen dizuet eta bihotz-bihotzez ematen dizuet Bedeinkazio Apostolikoa.

Comparte este texto en las redes sociales
Esta web utiliza cookies propias y de terceros para su correcto funcionamiento y para fines analíticos. Contiene enlaces a sitios web de terceros con políticas de privacidad ajenas que podrás aceptar o no cuando accedas a ellos. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Ver
Privacidad