Gabon eta Urte Barriko mezua; Mario Izeta Gabikagogeaskoa

Jesus_Nino1d1. “Bai ederrak mendi gainetan, bakea iragarten dauan albistariaren oinak! Barri ona zabaltzen eta salbamena iragarten dabilenarenak!”. Berba honeekaz, Isaias profeteak Jauna bere uri santura itzuliko dala iragarten dau, beratarrakaz bat eginez honeek gatibutzatik askatu ostean. Eleizak Jaungoikoaren Semea Belenen jaio dala iragarteko erabili izan dauan testua da, poztasunez eta itxaropenez betetako testua.

2. Gabonek Jaungoikoaren eta gizadiaren arteko behin betiko bategitea oinarritzen dabe. Alde batetik, Jaungoikoa jatsi egiten da, haragi egiten da Mariaren sabelean, eta ume jaioten da, apal, txiro, munduaren isiltasun eta iluntasunean. Ume baten samurtasun eta makaltasunean erakusten jaku Jaungoikoaren maitasuna. Berea da ekimena, Berak maite izan ginduzan lehenengo. Gure sufrimentuez jaubetu eta bere egiten ditu. Ez gagoz bakarrik. Jaungoikoa bizilagun dogu argilunez betetako bizitzan. Jaungoikoak gure alde emoten dauan behin betiko urrats honek erantzuna eskatzen dau. “Goazen Belenera”, dinoe artzainek. Jente xumeak, izarpean lo egiten ebenek, segurtasunez estalita ez egozanek erantzuten deutse aingeruaren iragarpenari eta eurak doaz Gabonen Misterioagaz bat egitera.

3. Geuk be bihotz xumea eta zabala behar dogu gaur Gabonetako deiari erantzuteko. Gure bizimoduak ez dau bategite hori errazten. Frantzisko Aita Santuak dinoanez, “gaurko munduaren arrisku handia, kontsumorako eskaintza anitz eta ikaragarrizkoagaz, bihotz eroso eta zekenetik, azaleko gozamenen bilaketa gaixotitik, kontzientzia isolatutik sortzen dan goibeltasun indibidualista da”. Beste hau be badino: “Ebanjelioaren poztasunak Jesusegaz bat egiten dabenen bihotza eta bizitza osoa bete egiten dau. Haren salbamena bere egiten dabenak, pekatutik, goibeltasunetik, barruko hustasunetik, isolamendutik askatuak dira. Jesukristogaz beti sortzen eta birsortzen da poztasuna. Dei egiten deutsat kristinau bakotxari, edozein leku eta egoeratan egonda be, oraintxe bertan Jesukristogazko bategite pertsonala barritu daian edo, gitxienez, Haregaz bat egiteko bideak jarri daizan, egunero atseden barik saiatuz.” Apaltasunez bat egin gurako neuke Frantziskoren gonbite honegaz eta Beleneko estalperantz joteko dei egin gurako neuskizue, Jaungoiko Umea gure bizitzan hartu eta onartu daigun.

4. Jaungoikoaren maitasuna danoi eskaintzen jaku. Gabon honeetan be behartsuei, lanik aurkitzen ez dabenei, etorkinei, gaixoei, nagusiei, bakarrik edo itxaropen barik bizi diranei iragarten jake. Eta geuri jagoku horreei Jaunaren iragarpena eroatea, Jaunaren itxaropenaren eroale izatea ekintza zehatzakaz. Jaunak bere aberastasuna gure txirotasunagaz alkarbanatu eban. Geuk be alkarbanatu daikegu daukaguna, asko ala gitxi izan. Zintzo jokatu eta arindu daigun hainbeste familiaren beharrizana. Gure ondasunak, gure denporea, gure gaitasunak, gure maitasuna… dana izan daitela danontzat eta Jaunak askoz gehiago emongo deusku. Ondasunak, materialak zein pertsonalak, sozialak edo espiritualak, guztiontzat, dira, senidetasuna egin daigun eta senidetasunean bizi gaitezan.

5. Hain zuzen be, Frantzisko Aita Santuak bakearen munduko jardunaldirako idatzi dauan mezua senidetasunean oinarritzen da: “senidetasuna gizakiaren funtsezko alderdia da, bere izatasuna hartu-emonean oinarrituta dago-eta… Hori barik ezinezkoa da gizarte zuzenik, bake egonkor eta iraunkorrik eraikitzea”. Gure artean behin baino gehiagotan zaurituta agertzen dan senidetasunak etenbako bihotz-barritze pertsonal eta soziala eskatzen dau eta, bere zaurietatik osatzeko, egiaren eta zuzentasunaren eta parkamenaren eta adiskidetzearen gainean berregiten da. Azken batean, senidetasunak Jaungoikoaren guztionganako aitatasunean ditu sustraiak. Jesukristok, gizon eginez, anai-arreba izateko bidea erakutsi deusku, eta horretarako gaitasuna emon. Horregaitik, otoitzik ederrena, otoitz guztien oinarria, Aitagurea da, senidetasunean bizitzeko behar dogun guztia eskatzen erakusten deuskulako.

6. Gabon honeetan, gure bihotzetan, etxeetan, giza jarduera eta hartu-emonak garatzen diran lekuetan, eta oinazeak, larritasunak edo bakartadeak giza duintasuna mugatzen daben egoeratan barriro jaio daitela eskatzen deutsat Jaungoikoari. Belengo izarrak distira egin daiala gure bizitzako zeruan eta poztu eta itxaropenez bete gaitezala: Emmanuel jaio da. Atera gaitezan bere bila. Jaungoiko Umeak bedeinkatu zaiezala. Gabon zoriontsua eta urte barri on! Maitasunez,

+ Mario Izeta Gabikagogeaskoa

Bilboko Gotzaina

 

Comparte este texto en las redes sociales
Esta web utiliza cookies propias y de terceros para su correcto funcionamiento y para fines analíticos. Contiene enlaces a sitios web de terceros con políticas de privacidad ajenas que podrás aceptar o no cuando accedas a ellos. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Ver
Privacidad