SANTIAGOREN KULTOAK SORTU ZUEN SANTIAGO BIDEA (I)

santiagoNOR ZEN SANTIAGO?

Santiago Haundia, «Ortzantzaren Semea», Zebedeo eta Salomeren semea zen eta bere anaia Juanekin batera eta Pedrorekin, Jesusen hurbilenetariko apostolu bat.

Maisuaren heriotza eta piztueraz geroz, Jerusalemengo lehenbiziko kristau-komunitateko gidari bezala geratuko zen eta bertan martirizaturik hil zen, 44. urte inguruan, Herodes Agripak eginiko kristauen aurkako pertsekuzioan.

NOLA SORTU ZEN BEREGANAKO KULTOA?

Jesusen apostuluekiko kultoa kristau aroko lehengo mendeetan sortu zen. Apostolu batzuk Europa mendebaldean zehar banatu ziren Kristoren mezu salbatzailea zabaltzeko asmoarekin; Santiago izan zen Hispanian eta bertze herrialdetan ere kristau-fedea zabaldu zuena.

Geroago, VI eta VII mendeetan zehar greko-latindar zenbait idazki agertu ziren, apostoluen ebanjelizazioa aipatzen, hala nola: «Breviariun apostolorum ex nomine ubi predicaverunt, orti vel obiti sunt» eta herrialde hauetan Santiagori zioten kultoaren adierazpen direnak. VII. mendetik aitzinerat informazio bera agertzen da Hispanian egin ziren testuetan, erraterako, Sevillako San Isidorok aipatzen du bertan egin zuen predikazioa eta Toledoko San Julianen Nahun profetari egin komentarioetan ere, gauza bera, Liebanako Beatoak idatzi zuen «Comentario al Apocalipsis» VIII. Mendean.

Ingalaterrako autoreek ere ematen dute informazio berbera, adibidez, Malmesburyko San Aldhelmok 703. urtean idatzi zuen Santiagok «Primitius Hispanas convertit dogmate gentes», eta Beda beneragarriak ere. Gainera, ortodoxiaren defendatzaile bezala inbokatzen hasi zen eta Hispaniaren patroi ere.

Tradizioaren arabera, Santiagoren zazpi diszipuloek (7 baroiek) haren gorpua txalupa batean ezarri eta Mediterraneo itsasoa zeharkatuz Galiziara iritsi eta bertan lurperaturik geratu zen.

BIDEAREN GARAPENA.

Asturiasko Alfonso II.aren erregealdian (791-842), Teodomiro, Iria Flaviako apezpikuak hilobia aurkitu zuen eta haren ondoan jarri zuen bere egoitza,eta bi basilika eraiki; lehenengoa Alfonso II.ak eta gero, haundiena zena, Alfontso III.ak 899. urtean.

IX. eta X. mendeetan «donekariak», «sandulariak», «erromesak» «peregrinoak» bertako jendeak izanen ziren nagusiki, baia, XI. mendetik aurrera europear fededun aunitz eta aunitz etorri ziren bidearen egitera; gurean, mendearen erditsuan hasi zitzaion deitzen «Santiago Bidea», «peregrinoaren bidea» edo » frantses bidea». Aldi beretsuan agertu ziren lehenbiziko ospitaleak, aterpeak edo hospitioak erromesei eta behartsuei laguntzeko. Haietan, zerbitzuan aritzen ziren fraidek, monjek, kanonigoek peregrinoei harrera kristaua ematen zieten, garbitu eta sendatzen zituzten, janaria ematen zieten, ohatzea prest izaten zuten; zerbitzu izpirituala, katolikoa, ematen zitzaien; hirur egunez hartzen ahal zuten atseden eta berriz bidea jarraitzean ardo eta gazta ematen zitzaien indartsu egiteko.

Iruñean Baztango bidea eta frantses bidea (Orreaga-Roncesvalles) elkartzen ziren, biak Puentelareina-Garesen, Jaka eta Zangotzatik zetorrenarekin bat egiteko, eta hiru bide horiek Logroñon,Tudelatik heldu zenarekin elkartzeko; gero Santo Domingo eta Burgos.

Baztango bideko adar bat Ultzamatik edo eta Basaburutik eta Irurtzunera honantz etortzeko; bertze bat Imotzen barna Larunbera, handik Irurtzun edo Izurdiaga eta Arakil. Larraun, Leitzaran, Araiz, bide guziak onak ziren Itsasperriko Santiago eta Santa Maria Zamartzekora iristeko, bertan atseden hartu eta jarraikitzeko.

Iruñetik Zamarzera bide aukera anitz bazire. Erraterako, Donibane-Miluze zubia-Orkoien-(Loza edo Iza)-Aldaba-Aldaz-Artiza-Oskia… Bertze aukera da Orkoiendik-Olzako San Bartolome-Orderiz-Aldaz…. Edo Olza-Lete-Oskia… Edo aukeran Orkoien-Lizasoain-Beasoain-(Anoz edo Iharte)-Oskia…. Edo Asiain-Errozko bidea-Beasoain… Baita Loza-Larragueta-Otxobi-Oskia… nola Sarasan barna Otxobi-Oskia edo Erize-Irurtzun edo Izurdiaga…

Comparte este texto en las redes sociales
Esta web utiliza cookies propias y de terceros para su correcto funcionamiento y para fines analíticos. Contiene enlaces a sitios web de terceros con políticas de privacidad ajenas que podrás aceptar o no cuando accedas a ellos. Al hacer clic en el botón Aceptar, acepta el uso de estas tecnologías y el procesamiento de tus datos para estos propósitos. Ver
Privacidad